Landakoko IGE: kulturartekotasuna lantzeko proiektua

Durangoko Landako eskolako guraso elkartearen kultura desberdinen arteko ulermena bultzatzeko proiektuak 3.000 euroko laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio zuzendaritzaren eskutik. Berau izan da laguntza hau jaso duen IGE bakarra.

irudiaren deskribapena

Landako eskola: elkargunea proiektu zabalago baten parte da. 2005 urtean batzorde bat sortu zen eskolan etorkinak eta bertakoen arteko erlazioak estutzeko asmoz. Sentsibilizazioa eta harrera planetan zentratu ziren hasiera horretan BBK, Udala eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Durangoko beste ikastetxe batzuk proiektuarenganako interesa azaldu zuten eta 2006 urtearen amaieran Uztartuz sortu zen, kultura desberdinen arteko bizikidetzak taldea aberasteko aukera ematen duela eta horretarako elkarbizitzan trebatu behar dela uste duen nazionalitate desberdinetako gizon eta emakumeek osatutako elkartea.

Gaur egun ikastetxe desberdinetako guraso eta irakasleek osatzen dute elkarte hau Senegal, Ghana, Maroko, Ekuador, Brasil eta Errumaniako 12 gurasoren laguntzarekin.

Momentu honetan eskolara zuzendutako bost proiektu ditu Uztartuzek (kulturartekotasuna lantzeko tailerrak, biblioteka ibiltaria, Des-berdinak aldizkaria, Ghanako gure lagunak eta Eskola praktiko solidarioa) eta herri mailako beste bat: Zinea, munduari irekitako leihoa.

KULTURARTEKOTASUNA LANTZEKO TAILERRAK Landako eskolako IGEak tailer hauek eskaintzen ditu bertako eta kanpotik iritsitako familien arteko erlazioak estutzeko asmoz. Tailer hauen helburua kulturaniztasunaren ondasunaz sentsibilizatzea eta emakume etorkinak indartzea dira (berauek ematen dituzte tailerrak). Tailer hauek antolatzen dituzte jantokian: yembé, maskara afrikarrak, Zure izena arabieraz idatzi, paperezko panpinak munduko soinekoekin jantzi, txabolak eraiki, henna eta ilekorda afrikarrak.

LIBURUAREKIN BIDAIATU-BIBLIOTEKA IBILTARIA Liburua eskolara gerturatzeko asmoz bisita gidatuak, fitxa didaktikoak, eskulanak eta ipuin kontakizunak antolatzen ditu Landako eskolako liburutegiak. Informazio-taulak, liburuak dituen apalategi mugikorrak eta proposatutako fitxak gordetzeko euskarriak osatzen dute biblioteka ibiltaria. Biblioteka hau ikastetxe batetik bestera eramaten da eskola ordutegian edo kanpo lantzeko aukera emateko bertako ikasleei. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek materiala lantzeko aukera izango dute eta ondoren ipuin kontakizunaz gozatzeko aukera.

DES-BERDINAK ALDIZKARIA Landako eskolako IGEak aldizkari bat argitaratzen du sei hilabetero. Denborapasa, elkarrizketa eta beste ekintza osagarrien bidez kultura desberdinak gerturatzen saiatzen da hala nola Giza Eskubideak, elkartasuna, tolerantzia, ingurugiroa zaintzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta abar lantzen ditu. Material hauek web gunean erabilgarri daude.

GHANAKO GURE LAGUNAK Landakoko guraso elkarteak eskola bat bilatu nahi zuen kulturaniztasuna landuz herrien arteko erlazioak estutzeko asmoz eta Ghanan aurkitu zuen, Kumasi zonaldean hain zuzen ere. Orain arte bi jarduera egin dituzte. Alde batetik paperezko txotxongiloak egiteko tailerra antolatu zuten gero Ghanako lagunei bidaltzeko. Bestalde, Ghanako lagunei zer behar zuten galdetu zieten eta eskaera zehatz bat jaso zuten: motxilak, zapatak, ikasmahaiak eta eskolarako materiala behar zuten. Eskaera hori Landakoko ikasleei auzkertu zieten eta bakoitzak zer erosi nahi zuen aukeratu ahal izan zuen. 1.670 euro bildu eta Ghanara bidali zituzten eskatutakoa eros zezaten.

ESKOLA PRAKTIKO SOLIDARIOA Txikitatik elkartasuna, doakotasuna eta trukean etekin zuzenik jaso gabe zerbait egitearen gratifikazioa lantzea da egitasmo honen helburua. Orain arte txotxongiloak egin dituzte Ghanako lagunentzat eta dirua ere jaso dute. Horretaz gain De paso por... egitasmoa jarri dute martxan, honetan bere herrialdeari buruz hitzegiten du pertsona batek. Orain arte Senegal eta Palestina ezagutu dituzte.

ZINEA: MUNDUA IREKITAKO LEIHOA Hilabete bakoitzeko hirugarren ostiralean kultura desberdinetako kalitatezko luzemetrai bat erakusten da herrian.

(2007ko apirilean argitaratua)