Lamiako ikas komunitatea

Badira sei urte Lamiako eskolak ikas-komunitatearen proiektua aurrera eramaten duela, eta 9 pasatu dira Komunitatean esku-hartze proiektuarekin hasi zirenetik. Hau dela eta, familiak bai auzokideak geletan sartzen dira ikastera, hitzaldiak ematera edo beste modu batzutan parte hartzera.

Lamiako eskola

Eskolako ikasketa burua eta ikas-komunitate proiektuaren arduraduna den Nieves Saratxagarekin hizketan izan gara.

-Nola hasi zineten eskola ikas komunitate bihurtzen? Honekin hasi baino hiru urte lehenago eskolan Komunitatean esku-hartzeko proiektua geneukan. Ikas-komunitateei buruz hitz egiten entzuten hasi ginenean planteamendu eta helburuak antzekoak zirela ikusi genuen: eskola eta auzoa batzearen asmoa, umeak eta gurasoak gauzak elkarrekin egiteko aukera ematea, eta abar. Orduan prestakuntza jaso genuen eta eskolan ikas- komunitatea martxan jartzea erabaki genuen. Aldez aurretik planteamendu hori bageneukanez ez zigun hainbeste aldaketa suposatu.

Egun eskolan lau proiektu dauzkagu: ?Juntos construimos la Sociedad Futura?, ikas-komunitatea, Lamiako Osasuntsua eta Agenda 21, baina laurak elkartuta doaz, ikas-komunitatearen proiektua eskolaren ekintza guztietan agertzen bait da.

-Zeintzuk dira familiak, auzoa eta eskola elkartzeko ekintza zehatzak? Besteetan ere partaidetza ematen bada ere, bi dira ekimen zehatzak. Hala, arratsaldero familiek eta auzoko jendeak parte hartzeko astearen egun bakoitzean ekintza desberdin bat egiten dugu: ˇAstelehenetan antzerkia ˇArtearteetan gaurkotasuneko gaiak ˇAsteazkenetan euskara lantzen dugu ˇOstegunetan literatur solasaldiak egiten ditugu ˇOstiraletan gorputz-adierazpena

Talde hauetara gurasoak nahi dutenean etortzen dira, ez daude behartuta. Euskara lantzen dugunean ez ditugu klaseak euskaltegi baten bezala ematen, euskara gure bizitzaren egunerokotasunean sartzen saiatzen da. Gurasoek seme-alabekin hitz egiteko, ulertzeko eta konpartitzeko behar dutena lantzen dugu, bereziki harremanekin lotuta dagoena. Guraso batzuk gero euskaltegira joatera animatu dira, hizkuntza hobeto ikasteko.

Saio horietatik ideiak, zalantzak eta proposamenak ateratzen dira, eta umeekin gero landuko ditugun gai batzuk ere. Talde bakoitzean irakasle batek parte hartzen du eta han sortzen diren ideiak edo kezkak eskolaratzen ditu. Hau da, ekintza hauek ideiak garatzen edo arazoei irtenbidea ematen laguntzen digute. Sortu den kezka edo ideiari erantzuna emateko batzuetan taldeka egiten dugu, hau da, umeen taldeari zerbait erakutsi, familiei zerbait azaldu eta klaustroan behar dena landu; beste batzuetan guztiok elkarturik ekimen baten bidez sortu den gaia lantzen dugu, kasuaren arabera.

-Nola lortzen duzue familien eta auzoaren partaidetza? Hau dena auzoari zabaltzeko proiektuaren hasieran kartelak jartzen ditugu, baita ekintza zehatzak prestatzen ditugunean ere (hitzaldiak,?) eta lagunen bidez familiak jakinaren gainean daude.

Ekintza hauetan partaidetza ona da, batez ere tertulia literarioan, 12 ? 14 pertsona etortzen baita egunero. Talde batzuetan konpromiso pixka bat hartu behar dute. Tertuliara etortzen direnak taldeak aukeratutako liburua irakurrita izan behar dute, baita irakurketa honek sortu duen gogoeta ekarri edo zerbait komentatzeko prest izan ere. Nahi duena etortzen da, beste konpromisorik ez dago. Lantzen diren gaiak haiek proposatzen dituzte, haien interesekoak dira.

-Eskola orduetan zertan nabaritzen da ikas-komunitatea zaretela? Talde interaktiboak antolatzen ditugunean, batez ere. Horrela gurasoak klasean sartzen dira. Saio bakoitzean hiru talde guztiz heterogeneoak egiten ditugu (adin, sexu, trebetasun eta abar desberdinekoak ) eta ama etortzen da taldeak dinamizatzera. Talde hauek ikasgai batzuetan sortzen ditugu: haur hezkuntzan Matematika, Ingurune eta Euskaran; Lehen Hezkuntzan Ingurune, Lengoaia eta Matematikan. Gai bakoitzaren arduradunak hiru ekintza desberdin prestatzen ditu eta ume talde bakoitza hiru ekintzetatik pasatzen da saio batean.

-Umeek zelan hartzen dute moldaketa hau? Umeen parte hartzea zoragarria da, baina hau ez da lortzen berehala, umeak dinamika honetan sartuta badaude eta ikasle berriak ikasi egin behar dute. Hala ere, azken hauentzat zailagoa da, batez ere ikasle berri asko talde berea elkartzen direnean. Aurten etorkin asko etorri dira gure eskolara eta erritmoarekin jarraitzea zailagoa izan da. Beste aldetik, etorkinen familiak ikastetxean sartzen direnean guztiak aberasten gara, haien hizkuntza, janaria eta ohiturak erakusten dizkigutelako. Adibidez haurrek beste herrialdetako janaria prestatzeko aukera izan dute, baita beste hizkuntzak ezagutzeko ere.

-Edukiei begira, zelan moldatzen zarete dena ikusteko? Harritu egin gaitu behar baino askoz eduki gehiago ematen dugula jakiteak. Institutura joan diren umeek oso nota onak atera dituzte, eta haien partaidetza eta eskubideen ezagutza nabarmena dela esan digute. Gu hemen ere konturatzen gara haurrak beti edozein gauza egiteko prest daudela eta autonomia eta heldutasuna garatu dutela. Baina ez haurrak soilik, familiek ere parte hartzeko ohitura daukate. Eskolako zereginak haien eginkizunak direla ere badakite. Adibidez, eskolaz kanpoko ekintzen antolaketan nabaritzen da. Ikasturte amaieran baserri batean gau batzuk igaro nahi baditugu, eta horretarako dirua lortu behar badugu, guztion artean saiatuko gara diru hori lortzen, Udalarekin hitz egiten, eta abar.

Gure ikasleek, nahiz eta orokorrean diru gutxi izan, beste edozein ikaslek dauzkan aukerak eskuratzea nahi dugu, eta hori lortzeko familiek eta eskolak elkarrekin lan egiten dugu. Esate baterako, gure ikasle askok ezin izango dute Ingalaterrara joan ingelesa hobetzeko, ba guk EHUn ikasten duten Ipar Amerikako ikasleak ekartzen ditugu ahozkoa indartzeko, eta ekitaldi bat ingelesez ikusteko aukera dagoenean hara eramaten ditugu umeak. Ahal beste aukera guztiak eman nahi dizkiegu.

(2006ko ekainean argitaratua)