Jantoki ekologikoa Serantesen
Santurtziko Serantes eskolan bi asteko jantoki ekologikoa antolatu dute martxoaren 7tik 18ra. Esperientzia berri honekin ikasle eta familiei janari ekologikoaren abantaila eta posibilitateak erakutsi nahi izan dizkiete. Baina ez da erraza izan esperientzia hau martxan jartzea, hainbat oztopo gainditu behar izan bait dituzte.
Abentura honen hasieran, ikastetxera janari ekologikoa ekartzeko lehenengo pausuak eman zituztenean, zailtasun batzuk aurkitu zituzten: Eusko Jaurlaritzako jantokien arduradunekin harremanetan jartzeko saiakerak porrot egin zuten; ez zieten laguntzarik eskaintzen. Menu ekologikoaren prezioa 6 eurokoa zen; hau da, normalean ordaintzen dutenaren (2,45 euro) bikoitzaren baino gehiagokoa. Gainera, kudeaketa zuzeneko jantokia izanda ohiko katering enpresari 2,45 euro horiek ordaintzen jarraitu behar zuten, eta prezio totala garestiegia zen. Hori gutxi balitz, eskolan ez zuten sukalderik.
Alde guztien borondate onarekin lortu zuten esperientzia martxan jartzea. Alde batetik Udalak dirulaguntza handia eskaini zien. Honekin aste beteko jantoki ekologikoa prestatzea pentsatu zuten, baina aurrekontua gehiegizkoa iruditzen zitzaien. Beste aldetik TAMAR katering enpresak laguntza eskaini zien bi eskaintza proposatuz: bata, eskolak aste horretarako janaria ez ordaintzea baino langileak bai; bestea, janari ekologikoa katering enpresa berak prestatzea, Ekonekazaritzak eta Lagunkoik elikagarri guztiak ekartzen bazizkieten.
Azkenean hasierako oztopoak gainditzea eta bi asteko jantoki ekologikoa prestatzea lortu dute. Honetaz gain, beste ekintza batzuk antolatu dituzte elikadura ekologikoarekin lotuta: umeentzako tailerrak, gurasoentzako elikadura ekologikoari buruzko hitzaldia (martxoaren 4an) eta larunbatean, martxoaren 5ean, Elikagai Ekologikoen Festa, erakusketa eta azoka, non elikagaiak (ogia, barazkiak, gazta...) ezagutzeko eta erosteko aukera izan dugun, baita janari ekologikoaren dastatze bat; hau dena trikitrixak eta kale animazioak lagunduta.

