Artatse eskola
Sariak pilatzen jarraitzen du Bilboko Artatse hezkuntza komunitateak. Aurten hiru jaso ditu: ikastetxeen kalitatea aitortzen duen Hezkuntza Ministerioaren Marta Mata lehen saria, Eusko Jaurlaritzaren Karmele Alzueta saria eta Bilboko Udalaren Julia Berrojalbiz sariaren lehen akzesita. Bere hezkuntza jarduera goraipatzen duten sari hauek baliabideak hobetzen laguntzen diote ere Txurdinaga-Otxarkoagako ikastetxe honi.
Artatse eskolak dituen 145 ikasleen gehiengoa desabantaila sozialean aurkitzen da; hori aprobetxatuz auzoko taldeak ikastetxera hurbiltzen saiatzen dira. Hiru ezaugarri berezi ditu ikastetxe honek: familiekin egiten den lana, boluntarioen lana eta irakaslegoaren inplikazioa/prestakuntza. Gainera Artatse da gizarte langilea daukan EAEko ikastetxe publiko bakarra. Berau arduratzen da harrera prozesuaz eta familiekin elkartzeaz, besteak beste.
Ama ordezkariak
Eskolako gela bakoitzean euren seme-alaben heziketan inplikatuta dauden bi ama ordezkari daude. Eurak aurkezten dute kandidatura.
Boluntarioak
Hamabi boluntariok lan egiten dute Artatse eskolan. Ikasle ohi bat ludotekan aritzen da 8,30etan hasi eta 10etan klaseak hasten diren arte; aita batek ematen ditu futbito klaseak, Down Sindromea daukan gazte batek sukaldean laguntzen du, eta abar luzea.
Irakasle inplikatuak
Artatse eskolara iristen diren irakasleek badakite buru-belarri inplikatu behar direla ikastetxeko proiektuan.
(2007ko ekainean argitaratua)
