Arbel digitalak Ruperto Medinan
Arbel digital interaktiboek ikasleen ikasketa prozesuan eta errendimenduan izan dezaketen eragina aztertzea helburu duen ikerketa proiektu baterako aukeratua izan da Portugaleteko Ruperto Medina eskola. Estatuan aukeratutako 40 ikastetxeetariko bat izan da, Bizkaiko bakarra.
Arbel digital interaktiboa Internetera konektatuta dagoen ordenagailu bat eta ordenagailu honen monitoreak daukana arbel interaktibo batean, tamaina handian proiektatzen duen bideo-proiektore bat da oinarrian.
Berritzeguneko Teknologia Berrien arduradunak ikerketa honetan parte hartzea proposatu zienean, Ruperto Medinan ez zuten inolako zalantzarik izan, informatika ikasgelako eguneroko curriculumaren barruan sartzeko aukera ikusi bait zuten. Ikastetxe honek urte asko daramatza Teknologia Berriekin lanean eta Eusko Jaurlaritzaren Premia Planaren aitzindaria izan zen. Honela, aurreko ikasturtearen erdialdean, andereņo bat eta bi maisu Iruņara joan ziren formazioa jasotzera, pilak kargatuta eta ideia garbi batekin itzuli ziren: klaustro osoa proiektu honetan inplikatzen saiatzea. Irakasleak prest eta beharrezko tresnen laguntzaz (bi arbel eta proiektore bat dute), lanean hasi ziren eta hezkuntza berrikuntza proiektu bat aurkeztu dute jada, gai eta maila ezberdinentzako zazpi ariketa programatuta dituelarik.
Ikasgelan parte hartzeko eta elkarrekintzarako aukerak biderkatu egiten dituen lanabes honek dituen abantaila ugariekin konturatu dira eskolan. "Elkarrekintza osoa ematen da ikasle-irakasle eta interneteko bilaketen artean. Ikasleak ordenagailuetan egiten ari direna arbelean agertzea ahalbidetzen du. Gainera oso motibagarria da" azaldu digu Begoņa Delgado zuzendariak.
Hala ere, kexu dira pedagogi euskarri eza dela eta. Ikerketa honen baitan lan egiten ari diren gainontzeko ikastetxeekin mantentzen dituzten bilerekin, interneten topatzen duten informazioarekin eta lan egiteko gogo handiarekin aurre egiten diotelarik. "Erronkek ez gaituzte inoiz ikaratu" baieztatu digu zuzendariak.
Ruperto Medinarekin batera eta Nafarroako Unibertsitateak koordinatuta Miravalles, Redin, Irabia eta Isterria (Hezkuntza bereziko ikastetxea), Jakintza Ikastola, Pello Errota Ikastola, Gaztelueta eta Erain ikastetxeek hartzen dute parte.
Estatu mailan Kantabria izan da aitzindari pantaila interaktiboak jartzen lehen hezkuntzako ikasgeletan. Beste komunitate batzuetan, hala nola Katalunia, Errioxa, Aragoi, Valentzia, Gaztela Leon, eta Madrilen ere badute lanabes hau haien ikasgeletan.
